XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itsaso eta lurraren artean
Erdi arrain, erdi musker, erdi igerilari, erdi narrasti, baldar eta ezkatadun animaliak atera ohi dira idoi edo putzu bazterretara, zingira ertzetara: mamutxak harrapatzeko, belarra jateko, hats hartzera, larru busti eta labainez, urgelditako kolorez.

Eguzkitan geldi egon ohi dira.

Harriturik begiratzen dute, begiak erdi itxirik.

Nekez ibiltzen dira, igeri ari dena bezala, narrastaria bezala.

Denbora luzea horrela egin ondoren, berriro murgiltzen dira lohi eta lokatzetan.

Anfibioak dituzu izaki arraro hauek; beren hatzaparrak lehenengo aldiz lur gainean ipini zituzten itsas-bizidunak; beraiek dira ere, duela berrehun miloiren bat urte eguzkitara irten zirenak.

Gaur bertan ere haien ondorengoak bizirik ikusten ditugu.

Geologoek diotenez, anfibioak agertu aurretik, itsasoetan astinaldi handiak izan ziren; urek lurra estali zuten.

Aldi hartan bihurtu ziren idoiaga handi lurreko apalguneak, hau da, ibar eta leizeak.

Hauetara bildu ziren uharinek arrastaturiko arrainak.

Idoiaga eta zingira hauek, zuhaitzez inguraturik zeudelarik, lehorrean, itsas bizidun haientzat bizileku bihurtu ziren.

Haien artean zelakanto izenekoa; oraino ere Mozanbike-n harrapa daiteken arrain hori.

Mendeak joan eta, mila aldakuntzaren ondoren, naturalistek diotenez, zelakanto ondorengo bat agertu zen, arnasbide bikoitzez hornitua: zakatzak zituen uretan arnasteko eta maskuri bat, birikaren antzekoa, airetako.

Hegalak esku antzeko oin bihurtu zitzaizkion.

Isatsa, artean, arrainarena zedukan.

Bi gauzak egin zitzakeen: uretan bizi eta lur biguinetan lehen urratsak eman.

Horra lehen anfibioa, ur-lurreko animalia.

Ur-lurrekoak eta haren motako guztiak, igerigailutzaz, beren oinetaz baliatzen ziren, eta denbora berean, lohietan ibiltzeko, euskarritzat zeduzkaten.

Giro bikoitzean bizitzeko ahalmen hori bereizgarri bilakatu zitzaien.

Erreinutza luze eta oparoa izan zuten ur-lurreko horiek.

Arrainekin borrokan egin ohi zuten uretako jana eta lekua zeinena izango, eta, bestalde, ertzetako lokaztietan jaun eta jabe ziren.

Pizti kaltegarriekin ere bizi ziren: libelula haragijale, ehun-zango, ikaragarrizko armiarmak....

Berrogeita hamar miloi urtez, guti gorabehera, giro atsegin baten babesean, egunoro, ia goizoro, irteten ziren uretatik, eguzkitan egon eta beren bizileku ilunetara itzultzeko.

Baina Izozteak etorri ziren lurraren gainera.

Zuhaitzak, egur samurrekoak artean, zingiretara erori eta, urtegiak betetzen hasi ziren.

Moxorro talde ikaragarriak ezkutatu ziren.

Zuhaizpean arrain asko hilik geratu zen.

Eta anfibio gehienak uretan babestu ziren behin betirako; beste batzuk hotzari aurre eman zioten, eta lurrean geratu ziren.

Ez zuten gehiago arraultzarik uretan egiten, lehen denek egiten zutenez; lurrean errotzen hasi ziren.

Anfibioen aldia hartantxe amaitu zen.

Narrastiak hasi ziren jaiotzen.